Bilboko metro sarea Bilbo hiriko eta bere ingurune metropolitarreko lurrazpiko garraiobidea edo metroa da. Metropolia Nerbioiko itsasadarraren bi bazterrek osatzen dute, alegia, Bilboaldea eta Uribe Kosta eskualdeek, eta milioi bat biztanle inguru batzen ditu. Sareak bi linea ditu, Y itxurako ibilbidearekin. L1 (Etxebarri - Plentzia) eta L2 (Basauri - Kabiezes) lineak itsasadarraren alde bakoitzetik doaz, eta tarte amankomun batean batzen dira, San Inazioko geltokian, Bilbon.
Metroa 1995ean jarri zen martxan, estatu espainarreko laugarren metro sarea izanik, Madril, Bartzelona eta Valentziakometro sareen ondoren. Gaur egun 45,86 kilometroko luzera eta 42 geltoki ditu, 26 lurrazpiko eta 16 lurgaineko, Norman Foster arkitekto ingelesak diseinatuta. 80 sarbide ditu, igogailuak kanpo, 70 mezzaninatan banatuta, eta hornidura elektrikorako 10 subestazio ditu.
Bidaiei dagokionez, 2014an metroak zehazki 87.397.394 bidaiari garraiatu zituen.Espainiako metro sareen artean, bidaia kopuruei erreparatuz, hirugarrena da, Madrilgoa eta Bartzelonakoaren atzetik eta Valentzia, Sevilla eta Palmakoaren aurretik.
2008an 3. linearen eraikuntza hasi zen, 2016rako martxan jartzea espero dena. Linea horrek Bilboko aireportua eta Bilbo hiri-erdialdea lotuko ditu.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 4. eta 5. lineak eraikitzeko azterlanak idatzita eta argitaratuta ditu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario